

Ataltxo honetan ikusgai dituzu Gernika-Lumon euskararen egoera zein den ezagutzeko datu orokorrak. Horretan sakondu gura baduzu, hurrengo txostenetara jo:
Soziolinguistika Klusterrak 2006an egindako neurketaren ondoriozko txostenetik ateratakoa.
Erakutsi:
Taulan:
| 1986 | 1991 | 1996 | 2001 | |
| Euskaldunak | %63 | %65 | %71 | %69,3 |
| Ia euskaldunak | %19 | %17 | %14 | %17,3 |
| Erdaldunak | %18 | %18 | %16 | %13,4 |
Iturria: Eustat
Bilakaera orokorrari erreparatzen badiogu, Gernika-Lumoko euskaldunen ezagutza mailak gora egin du aztertutako hamabost urteotan: euskaldunek 6 puntuan egin dute gora 1986tik 2001era. Ia-euskaldunen kopuruak eta erdaldunen kopuruak, berriz, behera egin du: ia-euskaldunen kopurua 2 puntuan jaitsi da, eta erdaldunen kopurua, berriz, 6 puntu jaitsi da.
1996-2001 urteetako bilakaerari erreparatuta, ordea, euskaldunen bilakaera beheranzkoa izan dela ikus dezakegu; 2 puntu jaitsi da, hain zuzen. Erdaldunetan, ezagutzak beherantz jarraitu du, erritmo bizkorragoan gainera, eta ia-euskaldunen kopurua, berriz, azken bost urteak kontuan hartuta, 3,3 puntuan igo da.
Erakutsi:
Taulan:
| 1986 | 1991 | 1996 | 2001 | |
| Haurrak | %65,3 | %75,9 | %86,2 | %83,9 |
| Gazteak | %54,7 | %62 | %78,3 | %86,7 |
| Helduak | %62,7 | %61,2 | %63,8 | %62,4 |
| Adinekoak | %74 | %73,9 | %74,2 | %69,4 |
Iturria: Datuak Eustat-enak (grafikoak SEI elkartearenak)
Haurrengan eta gazteengan gertatu da ezagutza mailako bilakaerarik nabarmenena 1986-2001 tartean. Zerikusi zuzena du urte hauetan irakaskuntzan gertatu den euskalduntzearekin.
Nabarmentzekoa da, dena den, 1996tik 2001era haurren ezagutza mailak izan duen jaitsiera: beheranzko joera hartu du ezagutzak haurrengan, apalki bada ere (2 puntu Gernika-Lumon), etorkinen familien eragina, agian. Kontuan hartzekoa da, dena den, Gernika-Lumon haurren ezagutza maila % 85etik gorakoa zela 1996an.
Gazteen ezagutzaren bilakaera izan da positiboena, 32 puntuko igoera hain zuzen aztertutako hamabost urteotan.
Helduengan, hamabost urteak (1986-2001) kontuan hartuta, ezagutza maila nahiko egonkor mantendu da gure udalerrian.
Azkenik, adinekoetan, bilakaera negatiboa izan da hamabost urteren; Gernika-Lumon 5 puntu jaitsi da 1996-2001 bosturtekoan.
Erakutsi:
Taulan:
| 1989 | 1993 | 1997 | 2001 | 2006 | |
| Erabilera orokorra kalean | %34,8 | %34,3 | %42,9 | %54,3 | %51,5 |
Iturria: SEI elkartea
Gernika-Lumon euskararen erabilerak bilakaera positiboa izan du hamazazpi urteotan: 16,7 puntu igo da, oro har, Gernika-Lumoko erdiguneko erabilera. Dena den, hazkunde hori azken hamahiru urteei dagokiola azpimarratu behar da, izan ere 1989tik 1993rako bilakaera egonkorra izan baitzen.
1993tik aurrera hasi zen beraz, hazkundea positiboa izaten, baita igoeraren erritmoa azkartzen ere; 1993tik 1997ra ia 9 puntu igo zen bitartean, ondorengo lau urtekoan (1997-2001) 11,4 puntu areagotu zen erabilera. Azken bosturtekoan, ordea, behera egin du erabilerak erdigunean: 3 puntu jaitsi da, hain zuzen.
| Ibilbidea | 2006ko erabilera | 2001eko erabilera |
| 1. Erdialdea | %52,5 | %57,2 |
| 2. Lurgorri | %54,3 | %51,6 |
| 3. Errenteria/Lorategieta | %44,8 | %43 |
| Herrian | %51,5 | %54,3 |
| 4. Ibilbidea (ikastetxeak) | %77,3 | %84,1 |
| 5. Ibilbidea (ikastetxeak) | %66,2 | %60,5 |
| 6. Ibilbidea (ikastetxeak) | %53 | %65 |
| Ikastetxe inguruetan | %65,8 | %68,5 |
Goiko taulan ikus daitekeen moduan, 2001ean ere alde berbera egon zen herrian behatutako erabileratik ikastetxe inguruetan neurtutakoetara (14 puntukoa, hain zuzen).
Erakutsi:
Taulan:
| 1989 | 1993 | 1997 | 2001 | 2006 | |
| Haurrak | %35 | %57.7 | %61.2 | %66.6 | %71,2 |
| Gazteak | %9,5 | %25.8 | %37,5 | %45,1 | %52,2 |
| Helduak | %37,2 | %26,5 | %31,7 | %46 | %40,1 |
| Adinekoak | %53,1 | %52,8 | %45,2 | %52,6 | %43,4 |
Iturria: SEI elkartea
Belaunaldi gazteenak dira, hamazazpi urte hauetan erabileran hazkunderik altuena bizi izan dutenak: gazteen erabilera 43 puntutan areagotu da, eta haurrek, berriz, 36 puntuan hobetu dute erabilera. Azpimarratzekoa eta kontuan hartzekoa da, haurren eta gazteen erabileraren artean dagoen aldea: 20 eta 19 puntuko aldea izan da azken bi neurketetan. Ezagutzari dagokionez, gainera, 2001eko datuen arabera gazteen ezagutza haurrenaren gainetik ageri da hiru puntugatik. Gernikan, beraz, oso nabarmena da haur izatetik gazte izatera igarotzean hizkuntza ohiturak aldatu egiten direla.
Helduen erabilera, oro har, 3 puntu igo da hamazazpi urteren buruan. Bilakaera positiboa 1993tik aurrera hasi zen adin-talde honetan; azken bosturtekoan, ordea, behera egin du helduen erabilerak 5 puntuan.
Adinekoetan, berriz, hamazazpi urteak kontuan izanda, behera egin du erabilerak 10 puntuan.
Ikus dezakegunez, erabilerak aldaketak izan ditu hamazazpi urte horietan. Diagramak modu argigarrian azaltzen duen bezala, datuak ditugunetik haurrak dira, batez ere, erabilera indizerik altuena erakutsi izan dutenak. Bi adin talde gazteenen bilakaera, areagotzearena izan da urte hauetan. Helduen eta adinekoen erabilerari dagokionez, nabarmentzekoa da biek behera egin dutela azken bosturtekoan.



2009 Gernika-Lumoko Udala
iametza interaktiboak garatua
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra